XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ireki zutenean inork ez zuen xentimo erdirik ematen negozio haren iraupenari buruz, eta baziren jada zortzi urte etengabe funtzionatzen zuela, goiz eta arratsalde, arrastiri eta gau, terraza beti leporaino beteta.

Metroko ahoan egoteak laguntzen ziola lirudike, baina jendea metroan sartu eta metrotik irteten denean presaka ibiltzen da ia beti.

Agian kamareroak ere bazuen zerikusirik negozioaren arrakastan.

Mario izena zuen, oso serioa baina aldi berean txukuna eta atsegina zen, irribarre definiturik ez egin arren sekula, beti kristalaren bestaldean adi, etorri berriek zain egon beharrik izan ez zezaten.

Norak kamarero hark trauma txikiren bat zuela esaten zuen, nabaritzen zitzaiola bere begi ilunetan, caffée espresso koloreko begietan.

Bere begiek trenentzako tunelak dirudite, esan zuen behin.

Trenentzat tunelak.

Arranopola, eta gero niri esaten zidan, hau eta bestea, Aliziak baino fantasia gehiago neukala buruan eta ea zertarako janzten nituen bota pisutsu haiek lurrari atxikita egoteko baliagarri ez bazitzaizkidan.

Bere begiek trenentzat tunelak dirudite, bota zuen.

Eta gero ni izango nintzen noski, grabitatearen legea desafiatzen zuena.

Ez zitzaion ordea esan zuen hartan arrazoi amiñi bat ere falta; tunel edo trenbide, zerbait ezkutatzen zuen Marioren begiradak.

Hantxe egon ohi zen beti, jaka zuria eta pajarita beltza soinean, zut; Mario, capuccinoen aparrean marrazkiak egiten zekien kamareroa (...)